viernes, 12 de diciembre de 2014

AKORDEOI SOINUZ BETERIKO ASTEBURUA ARRASATEN


Asteburu honetan, Musika Eskolako zenbait akordeoilari Arrasaten egon gara bertako giroaz gozatzen. Gure artean, abenduko lehenengo asteburua bertan igarotzea ohitura bihurtzean hasiak gara, eta hala egin dugu.


Azkeneko lau urtetan egin duguna errepikatu dugu. Ostiralean etxetik irten, Arrasatera heldu eta maletak utzi aurretik, dendaz denda joan ginen erosketatxo batzuk egiten, baina ez geneukanez askotarako astirik, Agurtzane besterik ez zen jausi bere “Elegant Elephant”arekin. Handik hotelera joan, etxetik eramandako afaria atera, eta bapo afaldu, argazkian ikus daitekeenez. Afalosteko karaokea falta izan zitzaigun ez zigutelako martxan jarri, baina hurrengo baterako utzi beharko dugu.

Hurrengo egunean jaiki, lasai gosaldu (aurten ez genuelako inor goizeko 9tan jotzen), eta Arizmendi Ikastolara joan ginen ume txikien ekitaldiak ikusten. Hor bai pasatu genuela inbidia, 8-10 urteko neska-mutilek nola jotzen duten ikusita, eta berdin zion teklak zein botoiak, baxuak zein “basseti”ak jo, aurrean zeukaten guztiarekin ahal zuten!!!

Eguerdian derrigorrezko indabak joan ginen bazkaltzera (edo handik esaten duten bezala, babak). Baina aurten toki zoragarri bat ezagutu dugu, Aretxabaletako Urkulu urtegiaren ondoan. Ene zelako indabak jan genituen, goxo baino goxoagoak; eta Joanes-ek aurten ez duenez parte hartu lehiaketan, ondo eta lasai bazkaldu ahal izan zuen, eta ez urduri eta korrika bestetan bezala. Hori bai, ea datorren urtean zorte pixkat gehiago daukagun eguraldiarekin eta hango paisaiaz disfruta dezakegun.


  Eta 16:30tan heldu zen hainbeste espero genuen une magikoa. Kulturaten Hastapena C maila hasi egin zen, eta hor genuen Gorka guk guztiok goza genezan bi pieza jotzen, derrigorrezkoa zen Gurbindoren “Jolie Valse”, Serry-ren “Tarantella” eta Makkonen-en “The Heroes of the Milky Way”. Eta hain egin zuten ondo, ezen Arratek ez zuela bestetan bezala lo kuluxka bota… Handik aurrera arratsaldea luze egin zitzaigun, 8ak arte ez baitzen sari banaketa hasten. Baina itxaroteak pena merezi izan zuen, aurten Gorkak ZILARREZKO domina lortu baitu. Zorionak Gorka, ikasten sartu dituzun orduengatik, bere fruitua eman baitute.
 

 Eta zorionak baita ere zuri, Rafa, zure lana barik urtero ikasleak aurkeztu ahal izatea ez bailitzake posible izango. Jarraitu gu guztiok akordeoia gero eta gehiago nola maitatu erakusten.


 



 



 Arrate Fernández Mesa
Akordeoi ikaslea

3 comentarios:

Alberto dijo...

Esos selfies

isas dijo...

Gorka, Rafa..., ZORIONAK.

Rafiki dijo...

Mila esker, Arratita. Bene-benetan primeran pasatu genuen.
Zorionak, Gorka. Datorren urtean urrezkoa izango da. Ziur baietz.

Se ha producido un error en este gadget.